martes, 6 de agosto de 2013

Donostia (ofizialki Donostia euskaraz eta San Sebastián gaztelaniaz)[1] Gipuzkoako hiriburu eta udalerri nagusia da. Halaber, Euskal Herriko hiri jendetsuenen artean laugarrena da: 186.409 biztanle zituen 2012ko urtarrilaren 1eko erroldan, horietatik % 40,3 euskaldunak. Haren metropoli eremuak 405.099 biztanle ditu. Kantauri itsasoaren ertzean dago, Bizkaiko golkoaren muturrean, eta Madril-Paris errepide eta trenbide ardatzean. Urumea ibaiaren bokalean dago, Igeldo, Urgull eta Ulia mendien artean, eta hiru hondartza ditu: Ondarreta, Kontxa eta Zurriola. Hego-mendebaldean, Zubieta auzoaren zati bat ere bere mende dago administratiboki; ekialdean Landarbaso eta hegoalderago Urdaburu mendi barrutiak ere Donostia udalerriaren eremuan daude.

2011ko ekainaren 28an Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburua aukeratu zuten. Hala, bada, Poloniako Wrocław hiriarekin batera 2016ko Europako kultura hiriburu izango da.

Hainbat auzotan banatua, Donostiak Urgull mendiaren oinetan du bere gune zaharrena, Parte Zaharra izenekoa. Horko kale estuetan biltzen diren jatetxeak eta taberna giroa famatuak dira. XIX. mendearen bukaeran, gune hori ixten zuten harresiak eraitsi eta hiria hegoalderantz zabaltzen hasi zen. Halaxe, erdialdeko zabalgunea osatu zen lehenik, eta geroago Gros —Ulia mendiaren oinetan eta Urumea ibaia bitartean— eta Amara —erdigunetik hegoaldera— auzo modernoak.

Donostia bertako gastronomiagatik ere da ezaguna. Bertako sukaldari eta jatetxe entzutetsuak (Arzak, Subijana, Berasategi eta Castillo) mundu osoan dira ospetsuak. Halaber, Parte Zaharreko taberna eta jatetxeetan tradizioz zerbitzatzen diren pintxoek ere goi-mailako errekonozimendua lortu dute. Horrez gain, hainbat jai eta jaialdi antolatzen dira urtero: Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Kontxako bandera eta San Tomas eguneko feria, besteak beste. Hiriaren zaindariak San Sebastian eta Koruko Andre Maria dira, eta haien jaiegunetan ospatzen dira hiriko jai nagusiak: San Sebastian eguna (Donostiako Danborrada), urtarrilaren 20an, eta Aste Nagusia, abuztuaren 15eko astean.

Turismoa hiriaren euskarri ekonomiko nagusitakoa izan da XIX. mendetik, hiriaren edertasuna, urbanismo orekatua eta natura uztarturik. Merkataritzak eta bestelako zerbitzuek ere jendetza handia erakartzen dute probintziako herrietatik. Halaber, zentro administratibo garrantzitsua da: Gipuzkoako erakundeek eta Euskal Autonomi Erkidegoko zenbait organok Donostian dute egoitza. Unibertsitateek pisu handia dute hiriaren bizimoduan, hiru unibertsitate campus kokatzen baitira bertan: Euskal Herriko Unibertsitatearen Ibaetako Campusa, Deustuko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campusa edo EUTG eta Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskola. Ikerkuntza arloan, aipagarria da Donostia International Physics Center, fisikaren arloko nazioarteko zentroa, edota nanoGUNE, nanoteknologiari buruzko nazioarteko zentroa.

Kirolzaletasuna ere nabari da hirian. Real Sociedad futbol taldeak hirian eta probintzian jarraitzaile gehien biltzen dituen futbol taldea. Saskibaloian, errugbian eta hockeyan, orobat, talde garrantzitsuak ditu hiriak. Aipagarria da udazkenean jokatzen den Behobia-Donostia lasterketa, milaka korrikalari biltzen dituena. Udan, Donostia Klasikoa nazioarteko txirrindularitza lasterketa egiten da. Ospetsua da Kontxako Bandera arraunketa proba, festa giroan egiten dena. Donostiatik gertu dagoen Lasarteko hipodromoko udako zaldi lasterketak ere entzutetsuak dira. Pilotak, berebat, leku nabarmena du Donostian, partida handi askoren jokaleku baita Atano III.a pilotalekua.


No hay comentarios:

Publicar un comentario